partekatu
• REALA
Lasarte-Oriak Realaren Kopako finalarekin bat egingo du Okendon egingo den jaialdi eta pantaila erraldoiarekin
Apirilaren 18rako egitarau berezia antolatu du Udalak, herritarrek herritik atera gabe finaleko giroa bizi dezaten.
Lasarte-Oriako Udalak gaur goizean aurkeztu du Realak eta Atletico Madrilek apirilaren 18an, 21:00etan, Sevillako La Cartuja estadioan jokatuko duten futboleko Errege Kopako finalaren harira antolatutako jardueren programa berezia.
Prentsaurrekoan Agustín Valdivia Calvo alkateak eta Txus Alonso Ocáriz Jaietako zinegotziak parte hartu dute, eta ekitaldi honek herrian jai giroa sortzeko eta lehen mailako kirol hitzordu bat kolektiboki partekatzeko aukera ematen duela nabarmendu dute.
Adin guztietako jendearentzat diseinatutako programak final handi bateko giroa Lasarte-Oriako kaleetara eraman nahi du, batez ere Sevillara joaterik izango ez dutenentzat. Horretarako, Udalak 6x3 metroko pantaila erraldoiajarriko du Okendo plazan, eta bertan emango dute partidaren berri zuzenean.
Goizean goizetik hasiko da jardunaldia, umeei zuzendutako jarduerekin: futbolari buruzko puzgarriak Mercero plazan eta TXU-TXU trenaren ibilbideak udalerriko kaleetan, Okendo plazatik abiatuta. Gainera, Oaintxe in Deu txarangak giroa alaituko du eguerditik aurrera.
Arratsaldean, haurrentzako jarduerak hasiko dira berriro, eta, 19:30etik aurrera, Okendo plazan Realeko zaleen kontzentrazioa izango da. Ondoren, kalejira bat egingo da txarangarekin batera udalerriko kaleetan zehar.
Eguneko une nagusia 21:00etan iritsiko da, pantaila erraldoian emango den finalaren zuzeneko emanaldiarekin, partidaz kolektiboki gozatzeko pentsatutako giroan. Eguraldi txarra eginez gero, Udalak karpa bat jartzea aurreikusten du, ekitaldiaren garapena bermatzeko.
Aurkezpenean Jaietako zinegotziak azpimarratu duenez, “Sevillara joan ezin dutenek finala herrian bertan bizitzeko aukera izatea nahi izan dugu, kaleetan giro berezia sortuz eta adin guztietako jendearen parte hartzea bultzatuz”.
Era berean, herritarrak egunean inplikatzera animatu ditu: “jendea kalera ateratzea nahi dugu, koadrilak elkartzea, taberna eta balkoiak apaintzea eta Lasarte-Oria giro errealistaz tindatzea”.
Alkateak, bere aldetik, hitzorduaren osagai emozionala nabarmendu du, Realak jokatutako azken finala pandemia dela eta publikorik gabe egin zela gogoratuz, eta “oraingoan elkarrekin eta modu kolektiboan bizitzeko aukera” dugula adierazi du.
Horrez gain, biek ala biek Jon Martin herriko jokalaria lehen taldean egotea nabarmendu nahi izan dute, herritarrak babesa adieraztera animatuz: “harro egoteko modukoa da klubarentzat hain garrantzitsua den une honetan bizilagun bat izatea”.
Udalak dei egiten die herritar guztiei, txikienetatik hasi eta adinekoetaraino, programatutako jardueretan parte har dezaten eta kirolaren eta elkarbizitzaren inguruko jai egun batez goza dezaten.