partekatu
• TXARANGA EGUNA
Lasarte-Oriak kaleak musikaz eta jai giroz beteko ditu aurten ere II. Txaranga Egunarekin
Maiatzaren 23an egingo da jardunaldia, eta Estatuko leku ezberdinetako sei txaranga bilduko ditu. Lehen edizioarekin alderatuta, programazioa indartuko du.
Lasarte-Oriako Udalak Txaranga Egunaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean, Jaien sailetik bultzatutako ekimena, maiatzaren 23an udalerriko kaleak musikaz, animazioz eta jai giroz beteko dituena.
Prentsaurrekoan Txus Alonso Ocariz Jaietako zinegotziak eta Oaintxe in Deu eta Arranopola Txaranga herriko txarangetako kideek hartu dute parte, edizio berri honetako programazioa antolatzen eta diseinatzen aktiboki lagundu baitute.
Lehen edizioak izan zuen harrera ona ikusita, Udalak erabaki du hitzordu hori herriko jaietako programazioaren barruan finkatzea, txarangei protagonismoa, ikusgarritasuna eta bultzada emateko. Izan ere, txarangak oso lotuta daude herri-kulturarekin eta kaleko jai-giroarekin.
Egun osoan zehar, herritarrek hainbat emanaldi eta kalejiraz gozatzeko aukera izango dute udalerriko hainbat puntutan. Guztira, sei txarangak hartuko dute parte, iaz baino bat gehiagok, eta, horrela, Estatuko hainbat probintziatatik etorritako taldeak izango dituen programazioa indartuko da.
Txus Alonso Ocariz Jaietako zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie “herriko txarangen inplikazio eta laguntzagatik, funtsezkoak baitira halako jardunaldi bat aurrera ateratzeko”, eta herritarrak animatu ditu “kalera atera eta horrelako formazioek sortzen duten giro, musika eta alaitasunaz gozatzera”.
Jarduera horretarako aurrekontua 8.500 eurokoa da.
Egitarau osoa
Goizeko 10:30ean hasiko da Lasarte-Oriako Hamaika Doinu Txistulari Taldearen emanaldiarekin. Ondoren, 11:00etan, instrumentuen tailerra izango da haurrentzat.
12:00etan Oaintxe in Deu Txaranga arituko da, eta 14:00etan, berriz, Astigarragako Kita del Pare Txarangaren txanda izango da, txarangapote batek lagunduta.
Programazioak arratsaldean jarraituko du: Los Espontáneos, Rubielos de Moratik etorrita, 16:00etan; Iruñako Goxo Txaranga, 18:00etan; Tafallako Malatxo txaranga, 20:00etan; eta Lasarte-Oriako Arranopola Txaranga, 22:00etatik aurrera.
Udaletik nabarmendu dutenez, Txaranga Egunak jai-egitarau erakargarria eskaintzeaz gain, kaleak dinamizatzea eta musika-talde herrikoi horien lana eta tradizioa balioan jartzea du helburu.
